Donostiako Udaleko Kultur Aniztasun Sailaren Ongi etorri eskolara proiektuak, ekainak 13an ospatu zuen 2022-23 ikasturtean Donostiako Familia Laguna programan parte hartu duten familiei eskerrak emateko ekitaldia.
Donostiako Aquariumean egin zen ekitaldira, proiektuan parte hartzen duten ikastetxeetako familiak gerturatu ziren: Aitor ikastola, Intxaurrondo ikastola, Zuhaizti eskola, Amara Berri eskola, Orixe ikastola eta Jakintza ikastola.
Bertan egon ziren, halaber, 6 ikastetxeetako zuzendaritzak eta ikastetxe bakoitzeko kulturarteko talde eragileak. Ospakizunean, familiek ikasturtean zehar egindako borondatezko lana eta programari esker eskolan sortu dituzten kulturarteko harremanak balioan jarri ziren. Aurten programa amaitzen duten familiei omenaldia egin zitzaien, diplomak emanez, eta ekitaldia amaitutakoan familiek Aquariuma bisitatu zuten. Ikasturte honetan, Donostian, 128 familiek parte hartu dute programan. Familia Laguna programak migratutako familiak tokiko familiekin harremanetan jartzen ditu, eskolara egokitzeko prozesuan akonpainamendua eskaintzeko eta Donostiako auzoetan kulturarteko harremanak sustatzeko.