EZAGUTZEN AL GARA? INKLUSIORAKO PILULAK
Ongi Etorri Eskolara proiektua proiektu bizia da, inplikatutako pertsona ugarekin eta eskola bakoitzean dauden kulturarteko talde eragileetatik abiatzen diren ekimenez osatua dago. Ekimen horien artean, Zuhaizti eskolako kulturarteko taldean, honako proposamen hau sortu zen: “EZAGUTZEN AL GARA? Inklusiorako pilulak “.
Proiektu honetan 10 pilula grabatu dira “Familia Laguna” programako familiekin eta klaun-in elkartearekin, euskal kulturaren parte diren pertsona, elkarte eta toki ezagunetako kideen laguntzarekin, hala nola: Iñaki Perurena, Amaia Aguirre, Asier Olaizola, Albaola Itsas Kultur Faktoria, Donostia Arraun Lagunak Elkartea, Emakume Pilotarien Elkartea, Kresala Elkartea…
Grabazio horien bidez, euskal ohituren eta tradizioen ezaugarriak umorez deskribatzen dira, beste herrialde batzuetatik Donostiara bizitzera etorri diren familien begietatik ikusita.
Pilula horien zuzendaria Ainhoa Aierbe da, aktore eta Zuhaiztiko kulturarteko talde eragileko kidea. Ainhoa, halaber, Familia laguna programako kulturarteko bitartekari naturala da eskolan. Helena Nuñez, editore eta Ongi Etorri Eskolara proiektua aurrera eramaten duen Elkarrekin kooperatibako lan-taldeko kideak editatu ditu bideo horiek, eta Lola Boluda Elkarrekin Kooperatibako kideak ekoitzi ditu. Aktore protagonista gisa, Klaun-in elkarteko pailazoak eta Zuhaizti, Aitor ikastola, Intxaurrondo ikastola eta Ondarreta ikastetxeko “Familia Laguna” programako familiak izan ditugu.
Mila esker denoi !!!!!!!
“Mendia” bideoan, Zuhaizti eskolako 2 familia elkarrekin joaten dira Igeldo mendiaz gozatzera, eta Kukuharrin egiten dute gailurra. Paraleloan, Kauin-in taldeko pailazoak Igeldo median zehar pailazokeriak egiten ikusiko ditugu.
Gaurkoan, “Inklusiorako pilulak” proiektuko taldea, Pasaia San Pedron kokatua dagoen Albaola Itsas Kultur Faktoriara gerturatu da. Bertan, Mikel Leozen bidez, arrantzak euskal historian eta kulturan duen garrantzia ezagutuko dugu. Gainera, bertan eraikitako San Juan baleontzia ezagutuko dugu, Euskal Herritik Ternuara joaten ziren zama-ontzi transozeanikoen erreplika. Zer ibiliko dira oraingoan gure pailazoak?
Chillida Leku xarma handiko espazioa da, non Eduardo Chillidaren eskulturez gozatzeaz gain, kontzertuez, zinemaz eta zergatik ez, bertso batzuez goza dezakeguna. Aitor Ikastolako Familia Laguna programako familiek Amaia Agirre bertsolariarekin egin dute topo Chillida Lekun, eta berarekin bertso batzuk sortzeko aukera izan dute. Eta gure pailazoak? Ea gaur zer erakusten diguten.
Zuen gustukoa izatea espero dugu!
Kresala elkarteko Arritxu Zurbanok elkarte gastronomiko bat zer den, nola sortu ziren eta nola funtzionatzen duten azalduko digu. Zuhaizti eskolako Familia Laguna programako familiek hamiketako bat egingo dute eta beraien esperientziak mahai baten inguruan partekatuko dituzte. Klaun-ineko gure pailazoak historiako lehen pailazo bazkideak izateko aurkeztuko dira. Ea zer erronkari egin behar dioten aurre, ziur asko ondo pasatuko dugu.
Ezagutzen al duzue arraunaren mundua? Zatoz Ongi Etorri Eskolara proiektuaren eskutik ezagutzera! Arraun Lagunak-eko Peio Indorekin hitz egin dugu kirol honen berri eman diezagun. Aitor Ikastolako bi familia, Udane Goenagarekin, Yune Aginagarekin eta Lucia Canalekin elkartuko dira, 2021ean Kontxako Bandera irabazi baitute.
KLAUN-INek Esterchy fitxatu du, arraun mundu gogor honetan Floripa, Goxi-Goxi eta Ximona entrenatzera datorrena. Ea zer moduz egiten duten arraunean gure pailazoek.
Gaurkoan Iñaki Perurena harri-jasotzaile ezagunaren konpainiaz gozatuko dugu, Leitzako Peru Harri Museoan. Iñakik bere bizipenak eta esperientzia partekatuko ditu Andoaingo familiekin eta Klaun-ineko pailazoekin.
Gaur Sagardotegi batera goaz!
Bideo honetan sagardotegiko menu tipikoaz gozatuko dugu. Asier Olaizola pilotariak bere sagardotegiaren historia kontatuko digu eta bidaia gastronomiko honetan akonpainatuko gaitu. Zuhaizti eskolako familiek bakailaoa, txuleta eta sagardotegiko postre tipikoaz gozatuko dute. Floripa, Ximona eta Goxi-Goxi oinez joan dira sagardotegira. Zer moduz ibili dira? Ikus dezagun!
“Inklusiorako pilulak” proiektuko taldea Zuhaizti ikastetxeko frontoira joan da oraingoa. Bideo honetan euskal pilotaren mundua ezagutuko dugu. Familiek, Emakume Pilotarien Elkarteko pilotariekin topo egin dute eta pala partiduaz gozatzeko aukera izan dute. Klaun-in taldeko pailazoak Aitor Aguirrerekin izan dira eta 4 t ‘erdiko finalerako prestatu dira.
Zuen gustukoa izatea espero dugu!
Gaur Donostiako Alde Zaharrera joan gara, Arritxu Zurbano, Kresala elkarteko Aitor Egaña eta Irati Garagorri eta Kresala Dantza taldearekin. Aitorrek eta Iratik euskal dantza tradizional batzuk erakutsiko dizkiete Zuhaizti eskolako bi familiari. Floripa, Goxi-Goxi eta Ximona pailazoak ere ikusiko ditugu, dantza ezberdinak konpartitzen. Zer moduz gure Floripa maitea? Eta nola moldatuko ziren Goxi-Goxi eta Ximona tangoa dantzatzen? Ez galdu bideo hau!
Gaur egun berezia da, Klau-ingo pailazoak Cristina Enea parkera hurbildu dira azken bideoa grabatzera. Bideo honetan, Aitor Ikastola, Orixe Ikastola eta Zuhaizti eskolako Familia Laguna programako familiek Floripa, Goxi-Goxi, Ximona eta Esterchyrekin hitz egiten dute ospatu nahi dituzten jaiei buruz.